Urte bukaerara arte Produktu Egunak antolatuko dira eta ekoizle ezberdinak gonbidatuko dira, Baserritarren Plaza indarberritu asmoz.


Baserritar ekoizleek eta Durangoko Udalak hainbat dinamizazio ekimen antolatu dituzte datozen hilabeteetarako, 'Durangon, Ortutik Plazara!' izenpean. Baserritarren Plazan kontsumoa areagotu asmoz, tokian tokiko elikagaiez eginiko produktu egunak antolatu dituzte 2021. urtea bukatu aurretik. Besteak beste, Gazpatxoa, salmorejoa, piperminak, Gernikako piperrak, barazki krema edota salda eskainiko zaizkie egun ezberdinetan Baserritarren Plazan erosketak egiten dituzten herritarrei. Produktu horiek merkatuan bertan saltzen diren elikagaien bitartez egingo dira, tokian tokiko elikagaien kontsumoa sustatuz.

"Tokian tokiko elikagaien kontsumoa eta Baserritarren Plaza bultzatu nahi ditugu, Durangorentzat eta durangarrentzat daukan garrantziagatik. Urte luzez makaltzen joan den merkatua izan da, eta orain bultzada bat ematen saiatzen ari gara. Horregatik, datozen hilabeteetan Produktu Egunak antolatu eta ekoizle ezberdinak gonbidatuko ditugu merkatu honetara, bertako kontsumoa suspertu dadin", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak prentsaurrekoan.

Legegintzaldi honetan Baserritarren Mahaia berraktibatu du gobernu taldeak. Mahai horren bitartez hainbat neurri hartu dira merkatu plaza suspertzeko. Besteak beste, merkatuaren berrantolaketa egin da azken hilabeteetan, eta datozen asteetan mahai eta mahai-zapi berriak eskainiko zaizkie baserritarrei, azokari itxura aldatu asmoz.

PRODUKTU EGUNA:

Uztailak 3: Gazpatxoa / Salmorejoa
Irailak 4: Piperminak / Gernikako piperrak
Abenduak 18: Barazki krema / Salda

EKOIZLE GONBIDATUA:

Uztailak 10: Kontserbak
Irailak 18: Barazkiak
Azaroak 13: Jogurta
Abenduak 4: Eztia

SASKIEN ZOZKETA:

Uztailak 17
Irailak 11
Urriak 2 eta 23

Noiz:  2021/07/03 - 2021/12/18

Helbidea: Durango, Bizkaia

 

Azken eguneratzearen data:  2021eko ekainaren 25a, 13:07

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus