Autistentzako eta mugikortasun arazoak dituztenentzako neurriak hartu dituzte, besteak beste.

San Faustoak hurbiltzen ari direla eta, aurtengo ediziorako zenbait aldaketa egin dituela iragarri du Durangoko Udaleko gobernu taldeak. Izan ere, nahiz eta aurtengo jaietako planteamendu orokorra ekainerako dagoeneko egina zegoen, jaietako zenbait eremutan eragiteko aukera izan du gobernu taldeak.

Ildo horretan, zenbait arazo dituztenei laguntzeko lehen neurri batzuk hartu dituzte ordezkari berriek. Besteak beste, urriaren 17an, osteguna, 16:30etik 21:00etara barraketan ez da musikarik izango, autismoa daukaten umeek ere bertara joan ahal izan dezaten inolako arazorik izan gabe.

Barrakekin jarraituz, orain artean alderdi politikoek jasotzen zituzten barraketarako sarrerak zuzenean Gizarte Ekintzetara bideratuko ditu gobernu taldeak, behar gehien dituztenek gozatu ahal ditzaten.

Murrizketa udaletxeko ordezkarien luntxean

Bestalde, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako guneak sortuko dira jaietako ekitaldi batzuetan. "Asmoa da denborarekin pertsona horiek San Faustoetako ekitaldi guztietan parte hartu ahal izatea, baina honek denbora behar du gauzatu ahal izateko, eta dagoeneko martxan gaude hurrengo San Faustoetan eskaintza areagotzeko", adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. Besteak beste, Andra Marin egingo diren ekitaldietan gune berezi bat atonduko da, eta Artopillen banaketan ere erraztasunak jarriko zaizkie irisgarritasun arazoak dituztenei.

Gainera, txupinaren ostean udaletxean agintari eta herriko zenbait pertsonentzako egin ohi zen harrera eta luntxa murriztuko dutela azaldu dute Garrastatxuk eta Riosek: "Esan genuen herriarekin batera gobernatu nahi genuela, beraz ez dugu logikoa ikusten durangarrak plazan txupinaren zain dauden bitartean, agintariok udaletxe barruan pernila jaten egotea".

Txupinero eta pregoilari Handiak, zehaztuta

Bestalde, Pentsiodunen Mugimenduak dagoeneko erabaki du zeintzuk izango diren urriaren 11n udaletxeko balkoitik pregoia irakurri eta txupina jaurtiko dutenak. Pregoilariak Matias Oregi eta Carlota Grande izango dira, eta txupina, berriz, Maria Pilar Txintxurretak jaurtiko du.

"Pozik" eta "eskertuta" agertu dira txupina botatzearekin. Ostiralean udaletxeko balkoian egongo dira, baina azken hilabeteetan, astero, plaza berean egon direla gogorarazi nahi izan dute. "Pentsionista eta jubilatuen aldeko borrokara gonbidatu" nahi dituzte durangarrak, "gurea mugimendu anitza eta transbersala baita".

Larunbatean, berriz, "gogo handiarekin" jaurtiko dute Txupinazo Txikia Zabalarra ikastetxeko June Leturiaga eta Luken Totorikaguneak. Ikaskideak, irakasleak eta senideak behean izango dituzte, plazan, udaletxeko balkoira so. Izan ere "ilusioz" hartu zuten beraiek jaurtiko zutenaren albistea, eta, orain, data gerturatu ahala, "urduritzen" hasiak direla aitortu dute 6. mailako ikasle hauek. Dena den, Zabalarrako komunitate guztiaren babesa izango dute plazan.

Garbiketa zerbitzu berezia

Herriko garbitasunari dagokionez, aurten garbitasun zerbitzua areagotuko da, egunero garbiketa berezia eginez. Izan ere, iaztik hona, garbiketarako baliabideak handitu egingo dira; besteak beste, lau kale-garbigailuetatik sei kale-garbigailuetara igaroz. Gainera, arratsaldeetan garbiketa errepasoa egingo da.

Jaien jarraipena egin ahal izateko, mugikorretarako 'Durango San Fausto' app berria aurkeztu du Udalak. Bertan, programazio osoa eta albisteak jaso ahalko dira. Eskuragarri izango da www.durango-udala.eus  webgunean.

 

Azken eguneratzearen data:  2019eko urriak 10, 14:12

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus