Webgune horren bitartez herritarrek online erosteko aukera izango dute atxikitzen diren Durangoko dendetan. Web plataformaren hasiera irailaren 7rako dago aurreikusita.

Durangoko Udala 'Hemen Bai' bultzatzen ari da, herriko negozioek euren produktuak online saldu ahal izateko tresna digital aitzindaria. Horretarako, 30.000 euro inbertituko ditu, herriko hirugarren sektoreko saltoki, autonomo eta enpresa guztiek beren zerbitzuak doan eskaini ahal izan ditzaten, tresna digital bat sortuz. Proiektu hori COVID-19k sortutako krisia arintzen laguntzeko herriko hainbat eragilerekin batera egindako Berraktibazio Planaren (2.281.000 euro) neurrietan sartzen da.

Durangon egoitza duen Hemen Bai elkarteak hainbat hilabete daramatza enpresari txikiei laguntzeko pentsatutako aplikazio digitala garatzen; aldi berean, pertsonei erosketa errazago bat egiten lagunduko die, eta etxetik gertu dauden saltokiak eta ostatuak hurbilagotik ezagutaraziko ditu. Elkarte hori tresna digital oso bat sortzen ari da, zerbitzuen sektorera iritsi diren garai berriak aztertzeko lan zorrotza egin ondoren.

'Hemen Bai 'ren zatirik garrantzitsuenetako bat tokiko 'Market Place' baten sorrera izango da. Salmenta-plataforma honetako ostatua doakoa izango da saltoki eta autonomo guztientzat.

'Hemen Bai'ri esker, negozio bakoitzak harreman zuzena izan ahal izango du bere bezeroekin. "Kontua da profesionalen eskura tresna indartsua eta osoa jartzea, Durangoko merkataritzan erosteko aukera dibertsifikatuko duena. COVID-19ren garaiak erakutsi digu horrelako plataformen garrantzia, eta, horregatik, giltzarritzat jotzen dugu gure herriari bizia ematen dion merkataritzak, hemen zergak ordaintzen dituenak, gertukoak, online leiho hau izatea bere produktuak saltzeko", adierazi du Aritz Bravo Lurralde Arloko zinegotzi arduradunak.

Irailaren 7rako dago aurreikusita Hemen Bai plataformaren hasiera data; uda bitartean, berriz, plataforma horretan beren lekua nahi duten saltoki, zerbitzu eta autonomo guztiekin harremanetan jartzeko inbertituko dute.

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko ekainaren 29a, 20:17

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus