Udalak eta Jai Batzordea osatzen duten eragileek aho batez onartu dute San Faustoak bertan behera uztearen erabakia.

Durangoko Jai Batzordeak bertan behera utzi ditu urrian ospatu ohi diren San Faustoak.'Durangok-Durangon Arduraz' lelopean, Udalak eta Jai Batzordea osatzen duten eragileek adierazi dute arduraz aritzeko garaia dela, eta, horrenbestez, "zentzugabekoa izango litzatekeela hemen ezer gertatuko balitz bezala jokatzea". Helburua gaixotasun foku berririk ez sortzea izango da, udaleko ordezkarien esanetan.

Jai Batzordeak hainbat bilera egin ditu dagoeneko, eta bertan parte hartzen duten eragileek aho batez onartu dute San Faustoak bertan behera uztearen erabakia.  "Guztion osasuna dago jokoan, eta durangar guztioi dagokigu arduraz jokatzea, beraz ezingo ditugu ekitaldi jendetsurik ospatu ahal izango".

Azken egunetan egon diren zurrumurruei dagokienez, Jai Batzordeak argi utzi nahi izandu ekainaren 1ean ospatu zen lehen bileratik argi izan duela aurten ez zirelaSan Faustoak bere horretan ospatuko. Hori dela eta, azken asteetan eragileezberdinekin bildu da bere ideia adierazteko. Besteak beste, Auzo Elkarteekin,Txosna Batzordearekin eta Durangoko Alde Zaharreko Tabernarien (DAZT)ordezkaritzarekin.

Dena den, udazkenera begira, Udalak ekitaldi kulturalak herriko txoko ezberdinetara zabaltzeko aukera aztertzen ari da, uda honetan 'Uda Kulturaz Blai' ekimenean egiten ari den bezala. Ekitaldi kultural hauek egunez burutuko dira eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzte: "Aurten San Faustoak izango zirenak gogorarazteko modu askoz seguruagoak bilatu beharko ditugu, denon esku dagoelako etorkizunera begira jartzea eta durangarron osasuna arriskuan ez jartzea. Hurrengo urtean izango dugu aukera Patxikotxu eta Pantxikeri ongi etorria emateko", adierazi dute.

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko uztailaren 8a, 19:46

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus