Gainera, datozen egunetan Andragune ondoan dagoen parkeko kanalak garbituko ditu Udalak, auzokideekin auzolanean txukundu ostean.

Durangoko Udalak egunak daramatza ibaiaren hainbat puntu txukuntzen eta garbitzen. Lan horiei esker, ura Santa Anako presako iturritik irteten da berriz ere, denbora luzez lokatzez blokeatuta egon ondoren. Garbiketa lanetan, besteak beste, tamaina handiko objektuak kendu dituzte errekaren ibilgutik.

"Urteko egun guztietan Durango ahalik eta modu garbienean mantentzearen alde lan egiten dugu, eta gure ondarearen zaintza ere lan horien barruan sartzen da. Lokatzezko tapoi batek Santa Ana presaren ondoko horman jaiotzen zen iturri ederra buxatuta zeukan, eta horrela egon da oso denbora luzez, esku hartu dugun arte. Gure auzokideekin batera lanean jarraituko dugu Durango eder bat mantentzeko", azaldu dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

Auzolan Andraguneren ondoan

Aste honetan, gainera, Andragune ondoko kanalak garbituko dituzte, auzokide talde batek Andragune ondoko parkea txukundu ostean, Udalarekin elkarlanean.

"Durangoko Alde Zaharrean bizi eta auzoaren parte sentitzen garen gazte talde bat gara. Lagun arteko konbertsazio batetik Andragune/Lariz Torre alboko lorategia eta kanala garbitzea okurritu zitzaigun, eta alkatearekin hitz egin ondoren, auzolanean inguru osoa txukundu dugu udaletxearekin elkarlanean.

Uste dugu Durangoko kaleak zaintzea eta garbi egotea ez dela izan behar bakarrik erakundeen ardura. Gauza asko egin ditzakegu herritarrok gure artean antolatuta, eta hori erakusten digute urtero egiten diren erreka garbiketek, jai herritarrek, txosnek, JAED bezalako elkarteen lanak, konfinamenduko elkarlaguntza sareek, eta boluntarioen iniziatibatik jaiotzen diren ekimen guztiek orokorrean.

Auzolana gure kulturan oso errotuta dago, eta azken hamarkadetan galduz joan den arren berreskuratu daitekeela sinesten dugu. Esperientzia hau oso erabilgarria izateaz gain entretenigarria ere izan da. Eta pandemia garaiotan, komunitatea indartzea inoiz baino garrantzitsuagoa da", adierazi dute auzolaneko antolatzaileek.

 

Azken eguneratzearen data:  2021eko ekainaren 9a, 14:46

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus