Erakusketea Durangaldeko udalerrian egongo da garagarril Landako plazan

"Bizkaiko Batzar Nagusiak,
ezagutuz" erakusketak Durangon itxiko dau lurraldean zehar egin dauen
ibilbidea. Garagarrilean zehar, bizkaitarrei Europako sistema parlamentario
zaharrenetako baten garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsi deutsen
erakusketa ibiltaria Landako plazan egongo da.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Ima
Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, Mahaiko kideakaz eta udalerriko
zinegotziakaz batera, Bizkaiko Batzarrek sustatutako erakusketea inaugurau
dabe gaur goizean Landako plazan. Erakusketea Bizkaiko beste eskualde
batzuetako herrietan egon da ikusgai, horreen artean Bilbon, Getxon eta
Portugaleten.
Erakusketa ibiltaria Portugaletetik abiatu eta bere azken helmugara iritsiko
da: Durangaldeko eskualdearen bihotzera. Bidaia hori beharrezkoa da XIV.
mendetik erakunde hau lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta
lekuko bihurtu dala adierazten daben argudioak zabaltzeko.
"Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz" erakusketea formatu handiko 12
panelek osatzen dabe, eta erakunde parlamentario moduan daukan
eskumen-egitura zabala azaltzen dau, eta baita batzen dauen kultur ondarea
be. Erakusketan ibilbide xume bat eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo,
Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukietatik, Gernikako Batzarretzean
zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolea demokraziaren,
askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babeslekua dalako.
Erakusketea barriro inauguretako ekitaldian Ana Otadui Biterik azpimarratu
dauenez, erakusketak "Batzarrek daukien betebehar parlamentarioan eta
gordeten daben ondare kultural aberatsean sakondu gura dau". Persona
askorentzat ezezaguna da, ordezkari politikoek ¿51tik 10 Durango-Arratiako
barrutikoak dira¿ "egunez egun gugan eragina daukien" erabagi garrantzitsuak
hartzen dituen arren. Halanda be, "badakigu gu garanaren eta egiten
dogunaren ganean ezjakintasun handia dagola", gogorarazo dau Otaduik, "eta
horregaitik, kalera urtetako ahalegina egin dogu", "Batzar Nagusiek beteten
daben funtzino parlamentarioa eta gordeten daben kultur ondare aberatsa
azaltzeko, azken batean, bizkaitar guztien kultur ondare aberatsa dalako".
Beste alde batetik, Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, udalbatzako
hainbat kidegaz batera, nabarmendu dauenez, "Bizkaiko Batzar Nagusiak
lurralde honetan dagozan sentsibilidade desbardinak batzeko lekua dira, eta,
batez be, lurralde historikoetan daukaguzan elementu bereizgarriak dira.
Durangaldean Gerediagako Batzar Etxea daukagu, Bizkaiko Batzar Nagusien
hiru egoitzetako bat, Gernika eta Abellanedakoagaz batera. Batzar Nagusien
zeregina oso garrantzitsua da bizkaitarrontzat, bertan lurraldeko ahots
desbardinak irudikatzen diralako; horregaitik da hain garrantzitsua hareen
historia ezagutzea."

 

Azken eguneratzearen data:  2021eko abuztuaren 2a, 10:32

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus