'Kultur Aro'k ekitaldiz beteko du Durango udazkenean

64 jarduera izango dira irailean, urrian eta azaroan. Aldez aurretiko erreserba egin beharko da ikuskizunen edukiera eta distantziak kontrolatzeko.

Durangoko Udalak eta herriko hainbat elkartek 'Kultur Aro', udazken honetan Durangon antolatu diren ekintzen egitaraua, aurkeztu dute ostegun honetan udaletxean. Edizio berriak 64 jarduera izango ditu guztira, besteak beste, musika, antzerkia, zirkua, dantza, erakusketak, zinema, bertsolariak, haurrentzako jarduerak, kirola eta azoka ezberdinak. 'Kultur Aro 'irailaren 18an hasiko da eta azaroaren 12ra arte luzatuko da.

Beste ikuskizun askoren artean, 'Kultur Aro'k honako musikari hauek ekarriko ditu Durangora: Izaro, Mikel Urdangarin edo Puro Relajo, herriko Sugarri Fanfarria, Tabira Musika Banda, Kriskitin edota Durangoko Orfeoia; antzerkiari dagokionez, Gorakada, Toni La Sal, Malas Compañías, Gurutze Beitia & Maribel Salas, Vaivén Circo edo Markeliñe taldeak etorriko dira. Dantza konpainiei dagokienez, La Porteña Tango, Krego-Martin Danza edota Verdini Dantza Taldeak izango dira. Horrez gain, Freestyle, Parkour, Flatland, Roller BMX eta Trialsin erakustaldiak egongo dira ere. Azkenik, Udalak eta Zugaza zinemak The Pogues, Oasis eta Bob Marley musika taldeen inguruko dokumentalak doan eskaintzeko akordioa lortu dute.

Udaletik, Julian Rios alkateordeak eta Juanan Bueno zinegotziak Durango sozialki eta kulturalki suspertzeko beharra azpimarratu dute: "Badakigu 'garai txarrak direla lirikarentzat', Bertold Brechek esango lukeen bezala, baina ez gara besoak gurutzatuta geratuko. Eta lan honetan laguntzaile ezin hobeak ditugu, herriko elkarteak. Durangon, duela urtebetetik, Kultura segurua dela erakutsi dugu, eta helburu horrekin jarraituko dugu lanean".

Izaro eta Ene Kantak-entzako erreserbak
Espazioetan, aldez aurretik erreserba egin beharko da edukiera eta distantziak kontrolatzeko. Gehienez ere 6 sarrera gorde ahal izango dira bizikidetza-unitateak elkarrekin eseri ahal izateko, eta taldeen artean segurtasun-tartea mantenduko da. Erreserbak ikuskizun bakoitzaren asteko asteartetik aurrera egin ahalko dira honako puntu hauen bitartez:
- www.durango.eus.
- Durango Kulturaz Blai (DKB) app-a
- Durangoko Arte eta Historia Museoa
    - Asteartetik ostiralera: 10:00 - 13:00 / 17:00 - 20:00
    - Larunbatak: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
    - Igandeak: 11:00 - 14:00
    - Telefonoz: 94 603 00 20

Izaroren (urriak 30) eta Ene Kantak-en (urriak 31 - Bi emanaldi) ikuskizunen kasuan, erreserba-modua berezia izango da durangarrei lehentasuna emateko. Hori dela eta, plazak Durangoko Arte eta Historia Museoan bertan erreserbatuko dira urriaren 19tik 27ra arte (biak barne), eta Durangon erroldatutako NANa aurkeztu beharko da. Eskatzaile bakoitzak gehienez sei plaza erreserbatu ahal izango ditu. Erreserbek edukiera gainditzen badute (514 plaza), zozketa egingo da urriaren 28an, eta horren emaitza www.durango.eus webgunean jakinaraziko da.

 

Azken eguneratzearen data:  2021eko irailaren 23a, 10:50

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus