Kanpaina irailaren 15ean hasiko da, eta webgune horren erabilera izango du berritasun gisa, bonuak erosteko sortzen ziren ilarak saihesteko.

Irailarekin batera, Durangoko Udalak bigarren aldiz jarriko ditu salgai aurten 'Komertzio Bonuak', herriko hainbat negoziotan kontsumitzeko. Gainera, aurtengo edizioak berrikuntza garrantzitsu bat izango du; izan ere, Udalak webgune bat prestatu du (bonoa.durango.eus), erosketa online egiteko eta salmenta-puntuetan ilara luzeak jasan behar ez izateko.

Durangon erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute bonuak erosteko orduan, eta, beraz, irailaren 15etik 22ra bitartean Durangon erroldatutako pertsonek bakarrik erosi ahal izango dituzte bonuak. Durangarrek erosteko lehentasuna izan dezaten, webguneak NANa eta udal-erregistroa identifikatuko ditu.

Horrela, irailaren 15etik aurrera, bonuen salmenta orokorra hasiko den egunetik aurrera, bonu horiek erosteko bide bakarra webgune berria eta Turismo Bulegoan eta HAZen dauden kutxazainak izango dira, aurreko kanpainetan sortzen ziren ilarak saihestuz.

"Beste arlo batzuetan egiten dugun bezala, teknologia berrietara egokitzen joan behar dugu. Azken bi urteetan parte hartzeko webgune bat aurkeztu dugu (partehartu.durango.eus), hilabeteak daramatzagu udal webgune berria eraikitzen, kultur programaziorako app bat dugu (Durango Kulturaz Blai-DKB) eta orain Komertzio Bonuetarako aurkeztu dugu webgune hau (bonoa.durango.eus). Atzean utzi nahi ditugu bonuak erosteko ilarek sortzen zituzten eragozpenak, eta webgune berri hau oso erabilgarria izan daitekeela uste dugu", adierazi dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

Webguneak, gainera, kanpainari atxikitako negozio guztiei buruzko informazioa biltzen duen zerrenda bat du, establezimendu bakoitzaren helbidea, telefono-zenbakia edota helbide elektronikoa kontsultatzeko.

Kanpainari atxikitako negozioetarako, berriz, Udalak 'Bono Durango' app bat prestatu du, erosleek aurkeztutako merkataritza-bonuak erregistratzeko, erosketa-tiketak atxikitzeko edo eskatutako bestelako dokumentuak igotzeko.

Trantsizio digitala
Nolanahi ere, informatika-ezagutza gutxiago duten adinekoei trantsizioa errazteko, Udalak 65 urtetik gorako pertsonei bonuak fisikoki eskuratu ahal izateko aukera eskainiko die irailaren 13an eta 14an, betiere pertsonalki erosten badituzte, NANa aurkeztuta. Hau da, ezin izango da bonurik erosi beste pertsona batzuen izenean.

Horretarako, honako salmenta-puntu hauek emango dira persona nagusi horientzako:
- Turismo Bulegoa (Kurutzesantu): astelehen eta asteartetan, 10:00etatik 14:30era.
- Arte eta Historia Museoa: asteartetan 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
- Bizenta Mogel liburutegia: astelehen eta asteartetan 9:00etatik 21:00etara
- Adinekoentzako Udaltegia: astelehen eta astearteetan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Hiru kanpaina urte bakarrean

COVID-19ak sortutako krisiaren ondoren negozio txikiei eta bezeroei laguntzeko helburuarekin, 19.000 euroen ordez eta 2019ra arte egiten zen kanpaina bakar baten ordez, Udalak partida 75.000 eurora igotzea eta urtean zehar hiru kanpaina egitea erabaki du.

Bestalde, aurreko kanpainan bezala, eta kontsumoa dibertsifikatzeko helburuarekin, establezimendu bakoitzak gehienez 15 euroko 200 bonu onartu ahal izango ditu.

Pertsona bakoitzak lau bonu erosi ahal izango ditu NAN bakoitzeko. Bonuek 15 euroko balioa izango dute; durangarrek 10 euro baino ez dituzte ordaindu beharko, eta gainontzeko 5 euroak Udalak ordainduko ditu. Ordaintzeko modu bakarra webgunearen bidezko kreditu-txartela izango da, eta bonua kontsumitzeko epea 2021eko irailaren 15etik urriaren 31ra bitartekoa izango da (biak barne).

 

Azken eguneratzearen data:  2021eko irailaren 23a, 10:50

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus