Hasiera -> Herria -> Ezagutu Durango


Orografia. Durangok Ibaizabal errekaren ezker ertzean zabalgune bat osatzen du. Hegoaldean, geruza ia bertikalak dituen antiklinal estu eta puskatu txiki batek mendikatea osatzen du: ekialdetik mendebalderantz Udala, Anboto eta Alluitz mendiak aurkitzen ditugu. Udalerri barruan aipatzekoak dira Pagasarri (838 m.) eta Neberondo mendiak (453 m.). Bata zein bestea, karstiko erako karezkomendi sail baten barruan aurkitzen dira.

Hidrografia. Mañaria ibaiak eta zenbait errekatxok (Larrinagatxu, Etxanerreka, eta abar) Ibaizabal errekaren ur-etorria handitu egiten dute.

Mugak. Iparraldean lurreta du mugatzat; Hegoaldean Izurtza eta Mañaria; Ekialdean Abadiño, eta Mendebaldean Dima, lurreta eta Zornotza.

Biztanleria. 1940. urtetik hona Durangok etengabeko hazkuntza demografikoa ezagutu izan du, batez ere, inguruan ezarri ziren industria ugarien eraginez. 80. hamarkadan, joera honek nolabaiteko geldialdia izan zuen krisi ekonomikoaren ondorioz. Mende erditik hona emandako biztanleria gorakadaren arrazoirik nagusiena Durangaldeko nekazal munduko eta itsas herrietako inmigrazioan aurkitu behar da eta, batez ere, baste lurraldeetako biztanleriaren etorreran. Honek, hain zuzen, argi asko erakusten digu adin piramidearen gaztetasuna. Durangok, 2012ko datuen arabera 28.618 biztanle ditu.

Jarduera Ekonomikoa. Durango neurri ertaineko zerbitzu hiria dugu. Autonomia Erkidegoko geografian estrategikoki kokatu­ta dago, eta langileriaren zati handi bat betetzen duen industria garrantzitsu bat du, batez ere, fundizio eta tresneriaren arloan. Durangok, Ibaizabal errekaren goi eta erdi harana betetzen duen eskualde burua iza­nik, zerbitzu arloa oso garatua du, batez ere, merkataritza, zerbitzu publiko, garraio, banku eta aseguruei dagokienean.

Azken eguneratzearen data:  2016eko azaroak 25, 14:32
 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus